Zenbakiak 9:1-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Israeldarrak Egiptotik irten eta bigarren urtean, urtearen lehen hilean, honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi Sinai basamortuan:

4. Pazkoa ospatzeko agindu zien, bada, Moisesek israeldarrei.

5. Sinai basamortuan, lehen hilaren hamalauko ilunabarrean ospatu zuten. Israeldarrek zehatz-mehatz bete zuten Jaunak Moisesi agindurikoa.

6. Alabaina, zenbait gizaseme kutsaturik zegoen gorpuren bat ukitu zuelako, eta ezin zuen Pazkoa egun hartan ospatu. Orduan, Moises eta Aaronengana jo zuten,

7. esanez:—Gorpu bat ukitu dugulako, kutsaturik gaude. Zer dela-eta ez zaigu zilegi Jaunari geure oparia eskaintzea gainerako israeldar guztiekin batera?

8. Moisesek erantzun zien:—Itxaron, Jaunak zuei buruz erabakitzen duena jakin arte.

9. Jaunak esan zion Moisesi:

10. «Esan israeldarrei: Nire ohorez Pazkoa ospatzen den egunean, zuetako nahiz zuen ondorengoetariko norbait gorpu bat ukitu duelako kutsaturik badago edo etxetik urruti bidaian badabil,

11. bigarren hilaren hamalauko ilunabarrean ospatuko du. Belar mingotsez eta legamia gabeko ogiz lagundurik jango du bildotsa;

12. ez du ezer gordeko biharamunerako, ezta oparigaiaren hezurrik hautsiko ere. Ohikuneari zehatz-mehatz lotuz ospatuko du Pazkoa.

13. Baina, garbi egonik edo bidaian ez delarik, Pazkoa ospatu gabe uzten duena, bota egingo dute herritik. Ezarritako egunean Jaunari oparia eskaintzen ez dionak bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu.

14. «Zuen artean bizi den etorkinak, Jaunaren ohorez Pazkoa ospatzen badu, Pazko-ohikune eta usadioak jarraituko ditu: ohikune bat bera izango duzue etorkinek eta bertakoek».

15. Egoitza eraiki zenean, egunez lainoak estaltzen zuen; arratsaldez su-itxura hartzen zuen lainoak egoitzaren gainean.

16. Honela gertatzen zen beti: egunez lainoak estaltzen zuen egoitza eta gauez su-itxura hartzen zuen.

Zenbakiak 9