11. Aaronek, aurkezpen-keinua eginez, Jaunari eskainiko dizkio lebitarrak israeldarren izenean, eta Jaunaren zerbitzurako geldituko dira.
12. Gero, lebitarrek eskuak ezarriko dizkiete buruan zekorrei, eta Aaronek lebitarren alde barkamen-ohikunea egiteko eskainiko ditu, bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat.
13. Aaronen eta beronen semeen aurrean ipiniko dituzu lebitarrak, eta Jaunari eskainiko dizkiozu, aurkezpen-keinua eginez;
14. horrela bereiziko dituzu lebitarrak gainerako israeldarren artetik eta neureak izango ditut.
15. Ordutik aurrera, has daitezke lebitarrak elkarketa-etxolan beren zerbitzua betetzen. Beraz, haien garbikuntza egin eta eskaini egingo dituzu:
16. niretzat bereiziak dira israeldarren artetik eta niri oso-osorik emanak. Israeldarren lehen-semeen ordez hartu ditut,
17. neureak baititut israeldar lehen-semeak oro, baita lehen abere-kumeak ere. Egiptoko lehen-seme guztiak hil nituenean, neuretzat sagaratu nituen.
18. Baina israeldar lehen-semeen ordez lebitarrak hartu ditut
19. eta Aaroni eta beronen semeei eman laguntzaile gisa israeldarren izenean, elkarketa-etxolaren zerbitzuaz arduratzeko eta israeldarren alde barkamen-ohikunea egiteko. Horrela, ez zaie israeldarrei zoritxarrik gertatuko santutegira hurbiltzeagatik».
20. Moisesek, Aaronek eta israeldar elkarte osoak bete zuten Jaunak lebitarrei buruz agindurikoa.