1. Eraikuntza burutu zuen egunean, Moisesek olioa isuriz sagaratu zuen egoitza bertako tresna guztiekin; berdin egin zuen aldare eta bertako tresna guztiekin ere.
2. Gero, leinuen ordezkari bezala izen-bilketa egiten jardun zuten familiaburuek
3. beren oparia aurkeztu zioten Jaunari: sei gurdi estali eta hamabi idi, hau da, gurdi bat bi buruzagiko eta idi bat buruzagi bakoitzeko. Guztia egoitzaren aurrean ezarri zuten.
4. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi:
5. «Ekarri dituzten opariok hartu elkarketa-etxolako zerbitzurako, eta eman lebitarrei, nori bere egitekoaren arabera behar duena».
6. Hartu zituen Moisesek gurdiak eta idiak eta lebitarrei banatu zizkien:
7. gerxondarrei bi gurdi eta lau idi, beren egitekoaren arabera;
8. meraritarrei lau gurdi eta zortzi idi, Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean bete behar zuten egitekoaren arabera;
9. kehatarrei, berriz, ez zien gurdirik, ez idirik eman, haien egitekoa gauza sakratuak bizkarrean eramatea baitzen.
12-83. Lehen egunean Aminadaben seme Nahxonek, Judaren leinukoak, eraman zuen oparia; bigarren egunean Tzuarren seme Netanelek, Isakarren leinukoak; hirugarren egunean Helonen seme Eliabek, Zabulonen leinukoak; laugarren egunean Xedeurren seme Elitzurrek, Rubenen leinukoak; bosgarren egunean Tzurixadairen seme Xelumielek, Simeonen leinukoak; seigarren egunean Deuelen seme Eliasafek, Gaden leinukoak; zazpigarren egunean Amihuden seme Elixamak, Efraimen leinukoak; zortzigarren egunean Pedahtzurren seme Gamelielek, Manasesen leinukoak; bederatzigarren egunean Gideoniren seme Abidanek, Benjaminen leinukoak; hamargarren egunean Amixadairen seme Ahiezerrek, Danen leinukoak; hamaikagarren egunean Okranen seme Pagielek, Axerren leinukoak; hamabigarren egunean Enanen seme Ahirak, Neftaliren leinukoak.Eta hona familiaburu bakoitzak eraman zituen opariak: zilarrezko kilo eta erdi inguruko azpila eta 800 gramo inguruko isipu-ontzia —santutegiko pisu-neurriaren arabera—, biak olioz oraturiko irin garbiz beteak labore-oparitarako; baita urrezko 110 gramo inguruko erretilua ere, intsentsuz betea; zekor bat, ahari bat eta urtebeteko bildots bat erre-oparitarako, aker bat barkamen-oparitarako eta bi zekor, bost ahari, bost aker eta urtebeteko bost bildots elkartasun-oparitarako.