Zenbakiak 7:1-12-83 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Eraikuntza burutu zuen egunean, Moisesek olioa isuriz sagaratu zuen egoitza bertako tresna guztiekin; berdin egin zuen aldare eta bertako tresna guztiekin ere.

10. Aldarea sagaratzeko egunean, familiaburuek aldarearen inaugurazioko opariak eraman zituzten eta aldare aurrean ezarri.

11. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Egun bakoitzean familiaburu desberdinak eramango du oparia aldarearen inauguraziorako».

12-83. Lehen egunean Aminadaben seme Nahxonek, Judaren leinukoak, eraman zuen oparia; bigarren egunean Tzuarren seme Netanelek, Isakarren leinukoak; hirugarren egunean Helonen seme Eliabek, Zabulonen leinukoak; laugarren egunean Xedeurren seme Elitzurrek, Rubenen leinukoak; bosgarren egunean Tzurixadairen seme Xelumielek, Simeonen leinukoak; seigarren egunean Deuelen seme Eliasafek, Gaden leinukoak; zazpigarren egunean Amihuden seme Elixamak, Efraimen leinukoak; zortzigarren egunean Pedahtzurren seme Gamelielek, Manasesen leinukoak; bederatzigarren egunean Gideoniren seme Abidanek, Benjaminen leinukoak; hamargarren egunean Amixadairen seme Ahiezerrek, Danen leinukoak; hamaikagarren egunean Okranen seme Pagielek, Axerren leinukoak; hamabigarren egunean Enanen seme Ahirak, Neftaliren leinukoak.Eta hona familiaburu bakoitzak eraman zituen opariak: zilarrezko kilo eta erdi inguruko azpila eta 800 gramo inguruko isipu-ontzia —santutegiko pisu-neurriaren arabera—, biak olioz oraturiko irin garbiz beteak labore-oparitarako; baita urrezko 110 gramo inguruko erretilua ere, intsentsuz betea; zekor bat, ahari bat eta urtebeteko bildots bat erre-oparitarako, aker bat barkamen-oparitarako eta bi zekor, bost ahari, bost aker eta urtebeteko bost bildots elkartasun-oparitarako.

Zenbakiak 7