7. aita nahiz ama, anaia nahiz arreba hiltzen bazaio ere, ez da kutsatuko, Jaunari sagaratua baitu bere burua.
8. Nazireu-garai guztian Jaunari sagaraturik dago.
9. «Bat-batean norbait ondoan hiltzen bazaio, sagarapenaren ezaugarri duen ilea kutsatuz, garbikuntza-ohikunea egingo du zazpi egunen buruan: egun horretan erabat moztuko du buruko ilea.
10. Zortzigarren egunean bi usapal edo bi usakume eramango dizkio apaizari, elkarketa-etxolaren sarrerara.
11. Bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat eskainiko ditu apaizak, eta haren alde barkamen-ohikunea egingo du, gorpua ukitzean eginiko hobenagatik. Egun horretan berriro sagaratuko dio nazireuak bere burua Jaunari.
12. Ostera hasiko du Jaunari nazireu bezala sagaraturiko denboraldia; aurreko egunak ez zaizkio kontuan hartuko, bere nazireu-botoa profanatu duelako. Gainera, urtebeteko bildotsa eramango dio Jaunari ordain-oparitzat.
13. «Hona hemen nazireuari buruzko legea: Sagarapen-garaia burutzean, elkarketa-etxolaren sarrerara joango da
14. eta urtebeteko bildots akats gabea eskainiko dio Jaunari erre-oparitzat, urtebeteko arkume akats gabea barkamen-oparitzat eta ahari akats gabea elkartasun-oparitzat.
15. Irin garbiz eginiko legamia gabeko saski bat ogi, olioz oraturiko opilak eta oliotan bustiriko talo legamia gabeak ere eskainiko ditu, labore- eta isur-opariekin batera.
16. Apaizak Jaunari aurkeztuko dizkio opariok, eta barkamen-oparia eta erre-oparia eskainiko ditu;
17. gero, aharia eskainiko du elkartasun-oparitzat, legamia gabeko ogien saskiarekin batera, eta labore- eta isur-opariak.
18. Ilea motz-motz egingo du nazireuak elkarketa-etxolako sarreran eta bere sagarapenaren ezaugarri duen ile moztua elkartasun-oparia erretzen deneko sutara botako du.
19. Ahari errearen beso bat, saskiko legamia gabeko ogi bat eta legamia gabeko opil bat hartu eta nazireu ile-moztuaren eskuetan ipiniko ditu apaizak.
20. Gero, apaizak Jaunari aurkeztuko dio hori guztia: gauza sakratua da eta apaizari dagokio, aurkezturiko bularra eta aparte utzitako izterra bezala. Horren guztiaren ondoren, ardoa edan ahal izango du nazireu-botoa zuenak.
21. «Hori da nazireu-botoz bere burua Jaunari sagaratzen dionari buruzko legea, horiek dira Jaunari aurkeztu behar dizkion opariak, bere kabuz eskain diezaiokeenaz aparte. Lege honen arabera beteko ditu aginduriko botoaren eginbeharrak».