16. «Emakumea hurbilarazi eta Jaunaren aurrean ezarriko du apaizak.
17. Ur sakratua hartuko du buztinezko ontzi batean eta egoitzako zorutik hartutako hautsaz nahasiko du.
18. Emakumea Jaunaren aurrean ipini, ilea askatu eta bekatua salatzeko oparia, senarrak bere susmo txarragatik ekarria, ezarriko dio eskuetan; apaizak, bitartean, errudunaren gain madarikazioa dakarren ur garratza edukiko du eskuetan.
19. Orduan, zin eragingo dio emakumeari, hau esanez: “Beste gizon batekin harremanik izan ez baduzu, ez bazara desohoratu eta zeure senarrari desleial izan, ez dakizula ezer txarrik gerta, madarikazioa dakarren ur garratz hau edatean.
20. Baina senarrari desleial izan bazatzaizkio eta, zeurea ez den beste gizon batekin harremanak izanik, desohoratu bazara
21. —apaizak une honetan madarikazio-zina eginarazten dio emakumeari—, zigor zaitzala Jaunak: sabela haizatu eta agor bihur zaitzala, zure herritarrek zuri gertatua aipa dezatela beren madarikazioak botatzean.
22. Madarikazioa dakarren ur hau edan bezain laster gertatuko zaizu zigorra”. Eta emakumeak “Amen! Amen!” erantzungo du.
23. «Orduan, madarikazio-hitzok idatzi eta idazkia ur garratzetan garbituko du apaizak.
24. Ur hori emakumeari edanaraziko dio, barrena garraz diezaion.
25. Baina aurretik, senarrak bere susmo txarragatik ekarritako oparia emakumearen eskuetatik hartu, Jaunaren aurrean aurkeztu eta aldare gainean ezarriko du.
26. Oparitik irin-eskutada hartuko du oroigarri gisa eta aldare gainean erreko. Ondoren, ura edanaraziko dio emakumeari.
27. Ura edatean, hau gertatuko da: emakumea senarrari desleial izan eta kutsaturik gelditu bada, madarikazio-ura bere barrura sartu eta garratz bihurtuko zaio, sabela haizatu eta agor geratuko da; emakume hori madarikazio-adibide izango da herritarrentzat.