3. —Atarot, Dibon, Jazer, Nimra, Hexbon, Elale, Sebam, Nebo eta Beon hiriak,
4. israeldar elkartea iristean Jaunak konkistatu duen lurralde hau, aukerakoa da abeltzaintzarako; eta guk, zure zerbitzariok, abere asko dugu.
5. Begiko bagaituzu, emaguzu lurralde hau jabetzan; ez gaitzazu Jordan igarotzera behartu.
6. Baina Moisesek esan zien:—Nola? Zuek hemen gelditu, gainerako israeldarrak, zuen senideak, borrokara doazen bitartean?
7. Zergatik zabiltzate israeldarrak adoregabetzen, Jaunak emandako lurraldera igaro ez daitezen?
8. Horixe bera egin zuten zuen arbasoek ere, Kadex-Barneatik lurralde hau ikertzera bidali nituenean.
9. Exkol ibarrera iritsi eta lurraldea ikertu ondoren, israeldarrak adoregabetu nahi izan zituzten, Jaunak ematen zien lurraldean sar ez zitezen.
10. Egun hartan haserre-sutan jarri zen Jauna eta zin egin zuen
11. Abraham, Isaak eta Jakobi hitzemandako lurraldea ez zutela ikusiko Egiptotik atera ziren hogei urtez gorako gizonezkoek, leial izan ez zitzaizkiolako.
12. Jefuneren seme Kaleb keniztarra eta Nunen seme Josue izan ziren salbuespen bakar, hauek bai, hauek guztiz leial izan baitzitzaizkion.
13. Haserre-sutan jarri zen Jauna orduan Israelen aurka, eta berrogei urtez harat-honat erabili zuen herria basamortuan, Jaunak atsegin ez zuena egin zuen belaunaldi hura guztia hil arte.
14. Eta orain zuek, bekatari-kumeok, zeuen arbasoen bidea hartzen duzue, Jaunaren haserre-sua Israelen aurka areago suspertzeko.
15. Izan ere, Jaunarengandik aldentzen bazarete, are gehiago luzatuko dio hark Israeli basamortuko egonaldia, eta, orduan, zuek izango zarete herri osoaren hondamendiaren erantzule.
16. Gad eta Rubenen leinuetako gizonek esan zioten Moisesi:—Artegiak eraikiko ditugu hemen artaldeentzat eta hiriak familientzat,