1. Jaunak esan zion Moisesi:
2. «Egin mendeku madiandarren kontra, israeldarrei egin dieten kalteagatik; ondoren, hil egingo zara».
3. Moisesek, bada, esan zion herriari: «Aukeratu gizonak eta har ditzatela armak gudurako, Madianen aurka Jaunak erabaki duen mendekua hartzera joateko.
4. Israelgo leinu guztietatik milana gizon bidaliko dituzue gudura».
5. Horrela, hamabi mila gizon armatu prestatu zituzten gudurako, leinu bakoitzetik mila.
6. Horiek bidali zituen Moisesek gudura; arma-gizonekin batera, Eleazarren seme Pinhas bidali zuen, tresna sakratuak eta seinaleak egiteko turutak eramanez.
7. Gerra egin zioten, bada, Madiani, Jaunak Moisesi agindu bezala, eta madiandar gizonezko guztiak hil zituzten,
8. Madiango bost erregeak barne: Ebi, Rekem, Tzur, Hur eta Reba. Beor-en seme Balaam ere ezpataz hil zuten.
9. Israeldarrek gatibu hartu zituzten madiandar emakume eta haurrak, eta abere, azienda eta ondasunak harrapatu.
10. Madiandarrak bizi zireneko hiri eta kanpaleku guztiei su eman zieten.
11. Ondoren, harrapaturiko guztia —abere nahiz gizaki— hartu
12. eta Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean, etxolaturik zeuden Moisesi, Eleazar apaizari eta israeldarren elkarte osoari eraman zieten.
13. Moises, Eleazar apaiza eta elkarte-arduradun guztiak, kanpalekua utzirik, bidera irten zitzaizkien.
14. Baina Moises haserretu egin zen gudutik zetozen gudarosteko taldeburuekin,
15. eta esan zien: «Zergatik utzi dituzue bizirik emakumeak?
16. Bazenekiten beraiek izan zirela, Balaamek zirikaturik, israeldarrak Jaunaren aurka altxarazi zituztenak, Peorko hartan; horregatik, hain zuzen, gertatu zen izurria Jaunaren elkartearen aurka.
17. Orain, bada, hil mutikoak eta sexu-harremanak izan dituzten emakume guztiak;
18. utzi bizirik, ordea, eta hartu zeuentzat neskatxa birjinak.
19. Eta zuek, norbait hil edo gorpuren bat ukitu duzuenok, zazpi egunez kanpalekutik aparte egongo zarete etxolaturik. Bai zuek, bai gatibuek, garbikuntza egingo duzue hirugarren eta zazpigarren egunetan.
20. Era berean, garbitu arropa guztia, baita larruzko gauzak, ahuntz-ilezko oihalak eta zurezko tresnak ere».