7. Aaron eta elkarte osoaren ordezkari gisa beteko dute lebitarrek beren zerbitzua elkarketa-etxolaren aurrean, egoitzako zereginez arduratuz.
8. Elkarketa-etxolako tresnen ardura izango dute eta israeldarren zerbitzura egongo dira egoitzako zereginak betetzeko.
9. Lebitarrak, beraz, beste israeldarren artetik bereizi eta Aaroni eta beronen semeei emango dizkiezu laguntzaile.
10. Aaron eta beronen semeak ezarriko dituzu apaiz-zerbitzuan. Beste norbaitek apaiz-eginkizunetan jarduten badu, heriotzara emango dute».
11. Jaunak esan zion Moisesi:
12. «Lebitarrak hautatu ditut israeldarren artetik, berauen lehen-semeen ordez. Neureak ditut, beraz, lebitarrak,
13. neureak baititut lehen-semeak oro: Egiptoko lehen-seme guztiak hilarazi nituenean, niretzat sagaratu nituen Israelgo lehen-jaio guztiak, gizaki nahiz abereak. Neureak ditut, beraz. Neu naiz Jauna».
14. Jaunak esan zion Moisesi Sinai basamortuan:
15. «Egizu lebitarren izen-bilketa, senitarteka eta familiaka, hilabetez gorako gizonezkoak erroldatuz».
16. Moisesek izen-bilketa egin zuen, Jaunak agindu bezala.
17. Hauek ziren Lebiren semeak: Gerxon, Kehat eta Merari.
18. Gerxonen semeak Libni eta Ximei ziren, senitarteburuak;
19. Kehaten semeak, Amram, Itzhar, Hebron eta Uziel, senitarteburuak;
20. Merariren semeak, Mahli eta Muxi, senitarteburuak. Horiek ziren lebitarren senitarteak, famili jatorriaren arabera banatuak.
21. Gerxonen ondorengoak bi senitartetan banatuak zeuden: libnitarrak eta ximeitarrak. Horiek ziren gerxondarren senitarteak.