Zenbakiak 3:34-47 Elizen Arteko Biblia (EAB)

34. Izen-bilketan, hilabetez gorako gizonezkoak 6.200 ziren.

35. Meraritarren senitarteburua Abihailen seme Tzuriel zen. Hauek egoitzaren alboan, iparraldera, etxolatu ziren.

36. Meraritarren ardurapean zeuden egoitzako oholak, zehar-egurrak, zutabeak, oinak eta beste osagai guztiak;

37. baita atari inguruko zutabeak beren oinekin, hesolak eta sokak ere.

38. Ekialdean, hau da, egoitzaren buruz buru eta elkarketa-etxolaren aurrean, Moises, Aaron eta honen semeak zeuden etxolatuak; hauek santutegiaren zerbitzuaz arduratzen ziren israeldarren izenean. Beraiek ez beste norbait zerbitzu horretan sartzen bazen, heriotzara ematen zuten.

39. Moisesek eta Aaronek senitarteka erroldatu zituzten lebitarrak, Jaunaren agindura. Hilabetez gorako gizonezkoak 22.000 ziren guztira.

40. Jaunak esan zion Moisesi: «Egizu israeldarren lehen-semeen izen-bilketa, hilabetez gorako gizonezkoak erroldatuz.

41. Eta bereiz iezazkidazu lebitarrak, israeldar lehen-semeen ordez. Neu naiz Jauna. Halaber, bereizi lebitarren abereak, israeldarren lehen abere-kumeen ordez».

42. Moisesek israeldarren lehen-semeen izen-bilketa egin zuen, Jaunak agindu bezala.

43. Izen-bilketan, hilabetez gorako israeldar gizonezkoak 22.273 ziren.

44. Jaunak esan zion Moisesi:

45. «Hartu lebitarrak israeldarren lehen-seme guztien ordez eta lebitarren abereak israeldarrenen ordez: neureak ditut lebitarrak. Neu naiz Jauna.

46. Israeldarren lehen-semeak lebitarrak baino 273 gehiago direnez, soberako horiek berreskuratzeko,

47. bakoitzarengatik zilarrezko bost txanponeko ordaina eskatuko duzu, santutegiko pisu-neurriaren arabera, oin-txanpona hamar gramokoa delarik.

Zenbakiak 3