Zenbakiak 3:13-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. neureak baititut lehen-semeak oro: Egiptoko lehen-seme guztiak hilarazi nituenean, niretzat sagaratu nituen Israelgo lehen-jaio guztiak, gizaki nahiz abereak. Neureak ditut, beraz. Neu naiz Jauna».

14. Jaunak esan zion Moisesi Sinai basamortuan:

15. «Egizu lebitarren izen-bilketa, senitarteka eta familiaka, hilabetez gorako gizonezkoak erroldatuz».

16. Moisesek izen-bilketa egin zuen, Jaunak agindu bezala.

17. Hauek ziren Lebiren semeak: Gerxon, Kehat eta Merari.

18. Gerxonen semeak Libni eta Ximei ziren, senitarteburuak;

19. Kehaten semeak, Amram, Itzhar, Hebron eta Uziel, senitarteburuak;

20. Merariren semeak, Mahli eta Muxi, senitarteburuak. Horiek ziren lebitarren senitarteak, famili jatorriaren arabera banatuak.

21. Gerxonen ondorengoak bi senitartetan banatuak zeuden: libnitarrak eta ximeitarrak. Horiek ziren gerxondarren senitarteak.

22. Izen-bilketan, hilabetez gorako gizonezkoak 7.500 ziren.

23. Gerxondar senitarteak egoitzaren atzealdean, mendebaldean, etxolatu ziren.

24. Gerxondarren familiaburua Laelen seme Eliasaf zen.

25. Hona gerxondarren ardurapean zeuden elkarketa-etxolako osagaiak: egoitza eta berau estaltzen zuen oihal-etxola, honen estaldura eta sarrerako oihala,

26. egoitza eta aldare inguruan zegoen atariko eta atari-sarrerako oihalak, eta eraikuntza guztiko sokak.

27. Kehaten ondorengoen senitarteak amramdarrak, itzhartarrak, hebrondarrak eta uzieldarrak ziren.

28. Izen-bilketan hilabetez gorako gizonezkoak 8.600 ziren, santutegiaren zerbitzurako.

29. Kehatarren senitarteak egoitzaren alboan, hegoaldera, etxolatu ziren.

30. Kehatarren senitarteburua Uzielen seme Elitzafan zen.

31. Kehatarren ardurapean zeuden kutxa, ogien mahaia, argimutila, aldareak, santutegiko zerbitzuan erabiltzen ziren tresnak eta etxola bitan banatzen zuen errezela.

32. Aaronen seme Eleazar zen lebitarren senitarteburuen nagusi. Honek bere menpean zituen santutegiko zerbitzuaz arduratzen ziren guztiak.

Zenbakiak 3