Zenbakiak 3:11-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Jaunak esan zion Moisesi:

12. «Lebitarrak hautatu ditut israeldarren artetik, berauen lehen-semeen ordez. Neureak ditut, beraz, lebitarrak,

13. neureak baititut lehen-semeak oro: Egiptoko lehen-seme guztiak hilarazi nituenean, niretzat sagaratu nituen Israelgo lehen-jaio guztiak, gizaki nahiz abereak. Neureak ditut, beraz. Neu naiz Jauna».

14. Jaunak esan zion Moisesi Sinai basamortuan:

15. «Egizu lebitarren izen-bilketa, senitarteka eta familiaka, hilabetez gorako gizonezkoak erroldatuz».

16. Moisesek izen-bilketa egin zuen, Jaunak agindu bezala.

17. Hauek ziren Lebiren semeak: Gerxon, Kehat eta Merari.

18. Gerxonen semeak Libni eta Ximei ziren, senitarteburuak;

19. Kehaten semeak, Amram, Itzhar, Hebron eta Uziel, senitarteburuak;

20. Merariren semeak, Mahli eta Muxi, senitarteburuak. Horiek ziren lebitarren senitarteak, famili jatorriaren arabera banatuak.

21. Gerxonen ondorengoak bi senitartetan banatuak zeuden: libnitarrak eta ximeitarrak. Horiek ziren gerxondarren senitarteak.

22. Izen-bilketan, hilabetez gorako gizonezkoak 7.500 ziren.

23. Gerxondar senitarteak egoitzaren atzealdean, mendebaldean, etxolatu ziren.

24. Gerxondarren familiaburua Laelen seme Eliasaf zen.

25. Hona gerxondarren ardurapean zeuden elkarketa-etxolako osagaiak: egoitza eta berau estaltzen zuen oihal-etxola, honen estaldura eta sarrerako oihala,

26. egoitza eta aldare inguruan zegoen atariko eta atari-sarrerako oihalak, eta eraikuntza guztiko sokak.

27. Kehaten ondorengoen senitarteak amramdarrak, itzhartarrak, hebrondarrak eta uzieldarrak ziren.

Zenbakiak 3