Zenbakiak 28:2-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. «Agindu israeldarrei izan daitezela arduratsu dagozkidan eskaingaiak, nire ohorez erretzeko opariak, ezarritako egunetan aurkezten; atseginez onartuko ditut.

3. Esaiezu:«Hona hemen Jaunaren ohorez egunero erreko dituzuen opariak: urtebeteko bi arkume akats gabe eguneroko erre-opari gisa;

4. bata goizean eskainiko da eta ilunabarrean bestea;

5. eta labore-opari gisa, litro eta erdiren bat oliotan oraturiko lau kilo ogi-irin garbi.

6. Hori da eguneroko erre-oparia, Sinai mendian egin ohi zenaren erakoa: Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duena.

7. Lehenengo arkumearekin batera, litro eta erdi ardo eskainiko da isur-oparitzat; isur-oparia santutegian eskainiko zaio Jaunari.

8. Bigarren arkumea ilunabarrean eskainiko da isur-opari berarekin, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

9. «Larunbatez, urtebeteko bi arkume akats gabe eskainiko dira, oliotan oraturiko zortzi kilo irinen labore-oparia eta haiei dagozkien isur-opariak.

10. Hau da larunbatero eskaini beharreko erre-oparia, eguneroko erre-opari eta isur-opariez gain.

11. «Hilaren hasieran, bi zekor, ahari bat eta urtebeteko zazpi arkume —denak akats gabeak— aurkeztuko dizkiozue Jaunari erre-oparitzat.

12. Oliotan oraturiko irina eskainiko duzue labore-oparitzat: zekor bakoitzeko hamabi kilo, ahariarekin zortzi kilo

13. eta arkume bakoitzeko lau kilo. Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duena.

14. Oparigaiei isur-opari hauek dagozkie: zekor bakoitzari hiru litro ardo, ahariari bi litro eta arkume bakoitzari litro eta erdi. Hori da hil guztien hasieran eskainiko den erre-oparia.

Zenbakiak 28