1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
2. «Agindu israeldarrei izan daitezela arduratsu dagozkidan eskaingaiak, nire ohorez erretzeko opariak, ezarritako egunetan aurkezten; atseginez onartuko ditut.
3. Esaiezu:«Hona hemen Jaunaren ohorez egunero erreko dituzuen opariak: urtebeteko bi arkume akats gabe eguneroko erre-opari gisa;
4. bata goizean eskainiko da eta ilunabarrean bestea;
5. eta labore-opari gisa, litro eta erdiren bat oliotan oraturiko lau kilo ogi-irin garbi.
6. Hori da eguneroko erre-oparia, Sinai mendian egin ohi zenaren erakoa: Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duena.
7. Lehenengo arkumearekin batera, litro eta erdi ardo eskainiko da isur-oparitzat; isur-oparia santutegian eskainiko zaio Jaunari.
8. Bigarren arkumea ilunabarrean eskainiko da isur-opari berarekin, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.
9. «Larunbatez, urtebeteko bi arkume akats gabe eskainiko dira, oliotan oraturiko zortzi kilo irinen labore-oparia eta haiei dagozkien isur-opariak.