Zenbakiak 27:1-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Mahla, Noa, Hogla, Milka eta Tirtza Tzelofhaden alabak ziren —Tzelofhad Joseren seme Manasesen leinukoa zen, Heferren semea; hau Galaadena eta hau Manasesen seme Makirrena—. Bost emakumeek aurkeztu

2. eta Moisesen, Eleazar apaizaren, arduradunen eta elkarte osoaren aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran, esan zuten:

3. «Gure aita basamortuan hil zen; ez zen Koreren taldeko partaide izan, ezta elkartu ere haiekin Jaunaren aurka; bere bekatuagatik soilik hil zen. Ez zuen semerik utzi.

4. Desagertu egin behar al du horregatik gure aitaren izenak beraren senitartetik? Emaguzu, beraz, guri lur-jabetza gure aitaren anaiei bezala».

5. Moisesek Jaunari aurkeztu zion arazoa,

6. eta Jaunak erantzun:

7. «Arrazoia dute Tzelofhaden alabek; lur-ondarea emango diezu jabetzan, beraien aitaren anaiei bezala: aitaren ondarea emango diezu.

8. Eta esan israeldarrei: Gizon bat semerik gabe hiltzen bada, haren ondarea alabaren eskuetara pasatuko da.

9. Alabarik ere ez badu, beraren anaiei emango zaie ondarea.

10. Anaiarik ere ez badu, beraren aitaren anaiei emango zaie.

11. Eta osabarik ere ez badu, gainerako ahaideetatik hurbilenekoari emango zaio ondarea eta bera izango da jabe. Lege izango dute hau israeldarrek, nik, Jaunak, Moisesi agindutakoaren arabera».

12. Jaunak esan zion Moisesi: «Igo Abarim mendiaren gailur horretara eta israeldarrei emango diedan lurraldea ikusi ahal izango duzu bertatik.

13. Ondoren, hil eta zeure arbasoekin elkartuko zara, Aaron zure anaia elkartu zen bezala.

Zenbakiak 27