Zenbakiak 20:5-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Zertarako atera gintuzuen Egiptotik, zergatik ekarri bazter negargarri honetara? Hemen ezin da ezer erein, ezta pikondorik, mahatsondorik nahiz granadondorik landatu ere; ez dago edateko urik ere!»

6. Herri-batzarra utzirik, elkarketa-etxolako sarrerara joan eta lurreraino ahuspeztu ziren Moises eta Aaron. Orduan, Jauna agertu zitzaien aintzaz beterik,

7. eta esan zion Jaunak Moisesi:

8. «Hartu makila eta, zeure anaia Aaron lagun duzula, bildu israeldarren elkartea; gero, guztien aurrean, agindu harkaitzari, eta honek ura emango du. Harkaitzetik ura sorraraziko duzu, eta elkarteari eta abereei emango diezu edaten».

9. Jaunak agindu bezala, hartu zuen Moisesek elkarketa-etxolan, Jaunaren aurrean, zegoen makila.

10. Gero, Moisesek eta Aaronek elkartea bildu zuten harkaitzaren aurrean, eta Moisesek esan zien: «Entzun, errebeldeok: harkaitz honetatik ura sorrarazteko gauza ote gara?»

11. Hori esanik, besoa jaso eta bi aldiz jo zuen makilaz harkaitza. Ur-mordoa atera zen, eta jendeak eta abereek edan zuten.

12. Jaunak, ordea, esan zien Moisesi eta Aaroni: «Ez zarete nitaz fidatu, nire santutasuna israeldarren aurrean argi azal zedin; beraz, ez duzue herri hau gidatuko emango diodan lurralderaino».

Zenbakiak 20