Zenbakiak 20:1-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Urtearen lehen hilean israeldar elkartea Tzin basamortura iritsi eta Kadexen gelditu zen aldi baterako. Han hil zen Miriam eta bertan ehortzi zuten.

2. Ez zen han herriarentzat urik, eta Moisesen eta Aaronen aurka bildu ziren israeldarrak.

3. Aurpegi eman zioten Moisesi, esanez: «Ai gu ere hil bagina Jaunak hilarazi zituen senideekin batera!

4. Zergatik ekarri duzue Jaunaren elkartea basamortu honetara? Geu eta gure abereak hil nahi ote gaituzue?

5. Zertarako atera gintuzuen Egiptotik, zergatik ekarri bazter negargarri honetara? Hemen ezin da ezer erein, ezta pikondorik, mahatsondorik nahiz granadondorik landatu ere; ez dago edateko urik ere!»

6. Herri-batzarra utzirik, elkarketa-etxolako sarrerara joan eta lurreraino ahuspeztu ziren Moises eta Aaron. Orduan, Jauna agertu zitzaien aintzaz beterik,

7. eta esan zion Jaunak Moisesi:

8. «Hartu makila eta, zeure anaia Aaron lagun duzula, bildu israeldarren elkartea; gero, guztien aurrean, agindu harkaitzari, eta honek ura emango du. Harkaitzetik ura sorraraziko duzu, eta elkarteari eta abereei emango diezu edaten».

9. Jaunak agindu bezala, hartu zuen Moisesek elkarketa-etxolan, Jaunaren aurrean, zegoen makila.

10. Gero, Moisesek eta Aaronek elkartea bildu zuten harkaitzaren aurrean, eta Moisesek esan zien: «Entzun, errebeldeok: harkaitz honetatik ura sorrarazteko gauza ote gara?»

11. Hori esanik, besoa jaso eta bi aldiz jo zuen makilaz harkaitza. Ur-mordoa atera zen, eta jendeak eta abereek edan zuten.

12. Jaunak, ordea, esan zien Moisesi eta Aaroni: «Ez zarete nitaz fidatu, nire santutasuna israeldarren aurrean argi azal zedin; beraz, ez duzue herri hau gidatuko emango diodan lurralderaino».

13. Gertakari hau dela eta, iturri hark «Meribako Urak» du izen, —hau da, «Auzi Urak»—, han eman baitzioten aurpegi israeldarrek Jaunari, eta honek bere santutasuna agertu zuen.

14. Kadextik mezulariak bidali zizkion Moisesek Edomgo erregeari mezu honekin: «Hau diotsute zeure anaia israeldarrek: Ongi dakizu zer-nolako nekeak jasan behar izan ditugun.

Zenbakiak 20