3. Zertan ekarri gaitu Jaunak lurralde honetara: gu gerran erortzeko eta gure emazte eta seme-alabak gatibu bihurtzeko? Ez ote genuke hobe Egiptora itzuli?»
4. Eta honela ziotsoten elkarri: «Buruzagi bat izendatu eta itzul gaitezen Egiptora».
5. Moises eta Aaron lurreraino ahuspeztu ziren israeldar elkarte osoaren aurrean.
6. Nunen seme Josuek eta Jefuneren seme Kalebek, lurraldea ikertzen ibilitako taldekoek, jantziak urratu zituzten, nahigabeturik,
7. eta esan zieten israeldar guztiei: «Ikertzen ibili garen lurraldea aparta da!
8. Jauna aldeko badugu, hara eramango gaitu eta emango digu. Esnea eta eztia darizkion lurraldea da.
9. Baina ez zaitezte Jaunaren aurka errebelatu! Ez izan lurralde hartako jendearen beldur, ogia bezala irentsiko baititugu. Urrundu egin zaie beren jainkoen geriza; guk, berriz, geurekin dugu Jauna. Ez izan beldur!»
22-23. ez duela arbasoei hitzemandako lurraldea ikusiko mespretxatu nauten horietako inork, Egipton eta basamortuan nire aintza eta mirariak ikusi arren, behin eta berriro ni auzitan jarri eta desobeditu egin baitidate.
24. Baina Kalebek besteek ez bezalako barrua du eta guztiz leiala izan zait; horregatik, Kaleb neure zerbitzaria bakarrik eramango dut ikertzen ibili den lurraldera, eta haren ondorengoak izango dira bertako jabe;
25. baina lautadan amalektarrak eta kanaandarrak biziko dira. Zuei dagokizuenez, bihartik bira egin eta basamorturantz joko duzue, Itsaso Gorrirantz.
26. Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni:
27. «Noiz arte jardun behar du zorigaiztoko herri honek nire aurka marmarrean? Entzun dut, bai, israeldarrek nire aurka diharduten etengabeko marmarra.
28. Esaiezu, bada: Hau dio Jaunak: Ala ni Jauna! Zeuei entzunaren arabera tratatuko zaituztet.
29. Izen-bilketan hogei urtez gorako zinetenon gorpuak basamortu honetan geldituko dira luze, nire kontra marmarka jardun duzuelako.
30. Jefuneren seme Kaleb eta Nunen seme Josue salbu, ez da zuetako inor sartuko, bertan ezarriko zintuztedala aginduz hitzeman nizuen lurraldean.
31. Eramango ditut, ostera, zuen seme-alabak, gatibu eroriko zirela zeniotenak, zuek gutxietsi duzuen lurraldera, hartaz gozatzeko.