Salmoak 86:9-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. Herri guztiak zuk eginak: adoratzera etorriko zaizkizu,zuri, Jauna, ohore ematera.

10. Handia zara, mirarigilea, zu bakarrik Jainkoa!

11. Erakustazu, Jauna, zeure bidea,zurekiko leial joka dezadan.Batu nire bihotza barnean,zureganako begirunean bizi nadin.

12. Jauna, ene Jainkoa, bihotz-bihotzez goretsiko zaitut,beti-beti ospatuko.

13. Bai handia niretzat duzun maitasuna:Herio Leize sakonetik libratu nauzu!

14. Oi Jainko, harroputzek eraso didate,gogorkeria-zaleak ni hil nahian dabiltza, zure ardurarik gabe.

15. Baina zu, Jauna, Jainko bihozbera eta errukiorra,haserregaitza, onginahiz eta leialtasunez betea:

16. itzul niregana, erruki zakizkit,eman indar zeure zerbitzari honi,salba zeure zerbitzari apala.

17. Emadazu zeure ontasunaren ezaugarria!Lotsaturik geldituko dira nire etsaiak,zuk, Jauna, kontsolatzen eta laguntzen nauzula ikustean.

Salmoak 86