Salmoak 78:38-55 Elizen Arteko Biblia (EAB)

38. Jainkoak, hala ere, bihozbera izaki eta,errua barkatzen zien, eta suntsitzen ez.Sarri eutsi zion haserreari,bere sumin guztiari jaregin gabe.

39. Oroitzen baitzen gizaki huts zirela,airean galtzen den arnasa baino ez.

40. Zenbat aldiz altxatu zitzaizkion kontra basamortuan,zenbat aldiz atsekabetu zuten bakarlekuan!

41. Behin eta berriro zuten Jainkoa probatzen,Israelen Santua zirikatzen.

42. Ez zuten gogoratzen haren eskuak egina,etsaiarengandik askatu zituenekoa:

43. nolako mirariak egin zituen Egipton,nolako egintza harrigarriak Tanisko lurraldean;

44. hango ibai-errekak odol bihurtu zituen,eta egiptoarrek bertatik edan ezin;

45. ezpateuliak bidali zituen haiek irensteko,igelak dena hondatzeko;

46. haien uztak matxinsaltoei eman zizkien,lanaren fruituak larrapoteei;

47. haien mahastiak kazkabarraz suntsitu zituen, pikondoak izotzaz;

48. haien abelgorriak harriaz galdu zituen, artaldeak tximistaz;

49. gainera hustu zien bere haserre-sua,bere sumin, amorru eta suntsipena: zoritxar-mandatari taldea,

50. bere haserreari bidea libre uzteko.Ez zituen heriotzatik gorde,haien bizia izurriaren menpe utzi zuen.

51. Egiptoko lehen-seme guztiak jo zituen,egiptoarren gizontasunaren lehen fruituak.

52. Orduan, artzainak ardiak bezala aterarazi zuen bere herria,artaldea bailiran eraman basamortuan zehar.

53. Seguru gidatu zituen, beldurrik gabe;haien etsaiak, berriz, itsasoak estali zituen.

54. Bere lurralde santura eraman zituen,berak eskuratutako mendiraino.

55. Beste herriak bota egin zituen haiek iristean,eta lurraldea Israelgo leinuei banatu zien ondaretzat,bertan bizi zitezen.

Salmoak 78