Mateo 9:16-33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. «Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten, adabakiak jantzia behartu eta zarratada handiagoa egingo bailuke.

17. Zahagi zaharretan ere ez da ardo berririk sartzen; bestela, zahagiak lehertu egingo lirateke, eta ardoa isuri eta zahagiak galdu. Ez! Ardo berria zahagi berrietan sartzen da, eta batak eta besteak irauten dute».

18. Jesus honela ari zitzaiela, buruzagietako bat etorri zitzaion eta, ahuspezturik, esan zion: «Hil berria dut alaba; baina zatoz hari eskua ezartzera, eta biziko da».

19. Jaiki zen Jesus eta ondoren joan zitzaion bere ikasleekin.

20. Orduan, hamabi urte hartan odoljarioz zegoen emakume bat atzetik hurbildu zitzaion Jesusi eta soineko-ertza ukitu zion;

21. honela baitzioen berekiko: «Jantzia ukitzen badiot, besterik gabe sendatuko naiz».

22. Itzuli zen Jesus eta, emakumea ikustean, esan zion: «Izan bihotz, ene alaba! Zeure sinesmenak sendatu zaitu». Eta une hartatik sendatua gelditu zen.

23. Buruzagiaren etxera heldu eta hango erostariak eta jendearen istilua ikustean, Jesusek

24. esan zien: «Alde hemendik! Neskatxa ez dago hilda, lo dago». Haiek barre egiten zioten.

25. Jesusek, jendea kanpora bidali zutenean, sartu eta neskatxari eskutik heldu zion, eta neskatxa altxatu egin zen.

26. Eskualde guztian zabaldu zen gertatuaren berri.

27. Jesus handik atera zenean, bi itsuk jarraitu zioten deiadarka: «Daviden Semea, erruki zakizkigu!»

28. Etxeratu zenean, itsuak hurbildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien:—Sinesten al duzue hori egin dezakedana?—Bai, Jauna -erantzun zioten.

29. Orduan, begiak ukitu zizkien, esanez:—Gerta bekizue sinetsi duzuen bezala.

30. Eta begiak zabaldu zitzaizkien. Jesusek zorrotz agindu zien:—Kontuz gero! Ez dezala inork ere jakin!

31. Haiek, ordea, atera orduko, eskualde guztian zabaldu zuten Jesusen berri.

32. Itsuak atera orduko, deabruaren menpe zegoen mutu bat ekarri zioten Jesusi.

33. Jesusek deabrua bota egin zuen eta mutua hizketan hasi zen. Jendeak, harriturik, zioen: «Ez da Israelen egundaino horrelakorik ikusi!»

Mateo 9