Mateo 7:20-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

20. Beraz, beren fruituetatik antzemango diezue sasiprofetei.

21. «Ez da aski niri “Jauna, Jauna!” esatea, Jainkoaren erreinuan sartzeko; zeruko nire Aitaren nahia behar da egin.

22. Epai-egunean askok esango didate: “Jauna, Jauna! Ez ote genuen zure izenean hitz egin eta zure izenean deabruak bota eta zure izenean mirari asko egin?”

23. Baina nik erantzungo diet: “Ez zaituztet inoiz ezagutu; alde niregandik, gaizkileok!”

24. «Beraz, nire hitz hauek entzun eta betetzen dituena, etxea harkaitz gainean eraiki zuen gizon zuhurraren antzekoa da.

25. Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso zioten; baina ez zen erori, oinarriak harkaitzean zituelako.

26. Nire hitz hauek entzun bai, baina betetzen ez dituena, ordea, etxea hondar gainean eraiki zuen gizon zentzugabearen antzekoa da.

27. Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso zioten; eta erori egin zen eta dena hondatua gelditu».

28. Jesusek hitzaldi hau amaitu zuenean, haren irakaspenez txunditurik gelditu zen jende guztia;

29. nagusitasunez irakasten baitzien, eta ez beren arteko lege-maisuek bezala.

Mateo 7