10. «Baina, erostera joanak zirelarik, senarra iritsi zen, eta prest zeudenak ezteietara sartu ziren berarekin. Eta atea itxi egin zen.
11. «Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, jauna! Zabaldu!”
12. Baina jaunak erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”.
13. «Zain egon, beraz, ez baitakizue, ez egunik, ez ordurik.
14. «Jainkoaren erregetzarekin, atzerrira irten behar zuen gizonarekin bezala gertatzen da. Bere morroiei dei egin eta ondasunak utzi zizkien:
15. bati bost talentu, beste bati bi eta besteari bat, bakoitzari bere trebetasunaren arabera. Gero, alde egin zuen.
16. Bost talentu hartu zituenak inbertitu egin zituen berehala eta beste bost irabazi.
17. Orobat bi talentu hartu zituenak: inbertitu eta beste bi irabazi zituen.
18. Bat bakarra hartu zuenak, aldiz, lurrean zuloa egin eta bertan gorde zuen nagusiaren dirua.
19. «Handik denbora askora, etorri zen nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi zitzaien.
20. Aurreratu zen bost talentu hartu zituena eta beste bost aurkeztu zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; hona beste bost nik irabaziak”.
21. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”.
22. Aurreratu zen, gero, bi talentuduna eta esan zion: “Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; hona beste bi nik irabaziak”.
23. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”.
24. Aurreratu zen talentu bakarra hartu zuena eta esan zion: “Banekien gizon zorrotza zarena, erein ez duzun tokian hartzen eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna;
25. beldur nintzen, eta zure talentua lurrean ezkutatu nuen. Hona zeure dirua!”
26. Nagusiak erantzun zion: “Ai morroi gaizto eta alferra! Bazenekien erein ez dudan tokian hartzen dudana eta zabaldu ez dudan tokian biltzen.