1. Egun haietan, berriro jendetza oso ugaria izanik eta jatekorik ez, Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan zien:
2. —Errukia ematen dit jende honek: badaramatzate hiru egun nirekin eta ez dute deus ere jateko.
3. Etxera baraurik bidaltzen baditut, ahuleziak joko ditu bidean, urrutitik etorriak ere badira eta.
4. Ikasleek esan zioten:—Baina nork atera bakardade honetan hauek asetzeko adina ogi?
5. Hark galdetu zien:—Zenbat ogi dituzue?—Zazpi —erantzun zioten.
6. Orduan, jendeari lurrean esertzeko agindu zion. Gero, zazpi ogiak hartu eta, Jainkoari esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei eman zizkien, bana zitzaten. Haiek jendeari eskaini zizkioten.
7. Bazituzten arraintxo banaka batzuk ere; Jesusek bedeinkazioa esan, eta haiek ere banatzeko agindu zien.
8. Asetzeraino jan zuten, eta zazpi otarre bete zituzten hondarrekin.
9. Lau mila inguru ziren. Ondoren, Jesusek agur egin zien,
10. eta bere ikasleekin txalupara igo eta Dalmanuta aldera joan zen.
11. Fariseuak etorri eta Jesusekin eztabaidan hasi ziren: Jainkoarengandiko seinale bat eskatzen zioten azpikeriaz, bera nola harrapatuko.