13. horrela, Jainkoaren hitza baliogabe uzten duzue, zeuen arteko usadioengatik. Eta horrelakoak asko egiten dituzue.
14. Jesusek berriro jendeari dei egin eta esan zion: «Entzun niri denok eta ulertu ongi!
15. Ez da deus ere, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, hau kutsa dezakeenik; barrutik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia». (
16. ).
17. Jendearengandik alde egin eta etxeratu zenean, hitz horien esanahiaz galdetu zioten ikasleek.
18. Jesusek esan zien:—Beraz, ez duzue zuek ere ulertzen? Ez al duzue ikusten kanpotik sartzen zaion ezerk ez dezakeela gizakia zikindu?
19. Sartu, ez baitzaio bihotzera sartzen, sabelera baizik, eta handik komun-zulora.Hitz hauekin, janari guztiak garbiak direla adierazi nahi zuen.
20. Eta erantsi zuen:—Gizakiaren barrutik irteten denak, horrek bai egiten duela gizakia zikin!
21. Izan ere, barrutik, gizakiaren bihotzetik, ateratzen dira asmo txarrak, lizunkeria, lapurretak, hilketak,
22. adulterioak, diru-gosea, gaiztakeriak, maltzurkeria, lasaikeria, bekaizkeria, irainak, harrokeria, burugabekeria.
23. Gaiztakeria guztiok barrutik irteten dira, eta hauek dute gizakia kutsatzen.
24. Handik, Tiro aldera joan zen Jesus. Etxe batean sartu zen, eta ez zuen inork jakiterik nahi; baina ezin izan zen ezkutuan egon.
25. Alaba espiritu gaiztoak hartua zeukan emakume bat, Jesusen berri jakin zuenekoxe, etorri eta oinetan ahuspeztu zitzaion.
26. Emakumea jentila zen, feniziarra. Eta bere alabagandik deabrua bota zezala eskatzen zion Jesusi.
27. Jesusek erantzun:—Utzi lehenik seme-alabak asetzen; ez dago ongi seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea.
28. Emakumeak erantzun zion:—Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte seme-alaben ogi-apurrak mahai azpian.
29. Orduan, Jesusek:—Ederra erantzuna! Zoaz, bada; atera da deabrua zure alabagandik.
30. Itzuli zen etxera eta ohean etzana aurkitu zuen alaba; alde egina zen deabrua.
31. Utzi zuen Jesusek Tiro aldea eta, Sidonen barrena, Galileako aintzirara iritsi zen berriro, Dekapolisko lurraldean zehar.