Markos 14:50-62 Elizen Arteko Biblia (EAB)

50. Ikasleek Jesus utzi eta ihes egin zuten.

51. Gazte bat ondoren zihoakion, soinean oihal bat besterik ez zuela. Heldu zioten,

52. baina oihala utzi eta ihes egin zien biluzik.

53. Apaiz nagusiaren etxera eraman zuten Jesus eta han bildu ziren apaizburu, zahar eta lege-maisu guztiak.

54. Pedro Jesusen ondoren joana zen, urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregi barruraino. Eta morroiekin batera eserita, sutondoan berotzen ari zen.

55. Apaizburuak eta Biltzar Nagusi* osoa Jesusen kontrako lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko, baina ezin zuten aurkitu;

56. askok haren kontra gezurrezko testigantzak egiten bazituzten ere, haien lekukotasunak ez zetozen bat.

57. Batzuek zutitu eta gezurrezko testigantza hau egin zuten Jesusen kontra:

58. «Geuk entzun diogu esaten: Nik, giza eskuz egindako santutegi hau desegingo dut eta hiru egunetan beste bat eraikiko, giza eskuz egin gabea».

59. Baina honetan ere ez zetozen bat beren esanetan.

60. Orduan, apaiz nagusiak, biltzarraren erdian zutik, galdetu zion Jesusi:—Ez al diezu deus ere erantzun behar zure kontra ateratzen dituztenei?

61. Baina Jesus isilik zegoen, eta ez zuen ezer erantzuten. Apaiz nagusiak berriro galdetu zion:—Zu al zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?

62. Jesusek erantzun:—Bai, neu naiz, eta Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei artean etortzen ikusiko duzue.

Markos 14