22. Afaltzen ari zirela, ogia hartu zuen Jesusek eta, bedeinkazioa esan ondoren, zatitu eta eman egin zien, esanez: «Hartzazue, hau nire gorputza da».
23. Gero, kopa hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, eman egin zien eta denek edan zuten.
24. Eta esan zien: «Hau nire odola da, Jainkoarekiko ituna berrituko duena, guztiengatik isuria.
25. Benetan diotsuet: Ez dut gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinuan ardo berria edan arte».
26. Gorazarreak kantatu ondoren, Oliamendira abiatu ziren.
27. Jesusek esan zien: «Zuen sinesmenak huts egingo du, honela baitago idatzia Liburu Santuetan: Joko dut artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira.
28. Baina piztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara».
29. Pedrok esan zion:—Beste guztien sinesmenak huts egiten badu ere, nireak ez.
30. Jesusek erantzun:—Benetan diotsut: Gaur gauean, oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nauzu.
31. Baina Pedrok, gero eta areago:—Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut inola ere ukatuko.Eta beste hainbeste zioten denek.
32. Getsemani izeneko landa batera iritsi ziren, eta Jesusek esan zien bere ikasleei: «Zaudete hemen, nik otoitz egin bitartean».
33. Pedro, Santiago eta Joan eraman zituen berekin. Ikara eta larria sentitzen hasi zen,
34. eta esan zien: «Hiltzeko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zaudete erne».
35. Eta aurreraxeago joanik, lurrean erori eta otoizka ari zitzaion Jainkoari, urrun ziezaiola ordu hura, ahal bazen.