Markos 10:28-40 Elizen Arteko Biblia (EAB)

28. Orduan, Pedrok esan zion Jesusi:—Hara, guk dena utzi dugu zuri jarraitzeko.

29. Jesusek erantzun:—Benetan diotsuet: Niregatik eta berri onagatik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak uzten dituenak,

30. orain, mundu honetan, ehun halako etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur jasoko du, erasoaldiekin batera; eta gero, datorren munduan, betiko bizia.

31. Orain lehenengo diren asko azkeneko izango dira orduan, eta orain azkeneko direnak lehenengo.

32. Jerusalemerako bidean gora zihoazen, eta Jesus aurretik. Txunditurik zeuden; jarraitzen ziotenak beldurrez zihoazen. Berriro Hamabiak beregana bildu, eta zer gertatuko zitzaion adierazten hasi zitzaien:

33. «Hara, Jerusalemera igotzen ari gara, eta Gizonaren Semea apaizburuen eta lege-maisuen eskuetara emango dute; heriotzara kondenatuko dute eta atzerritarren eskuetara emango;

34. hauek iseka egingo diote eta listua botako, zigortu eta hil egingo; baina handik hiru egunera piztu egingo da».

35. Santiago eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana hurbildu eta esan zioten:—Maisu, eskatuko dizuguna zuk ematea nahi genuke.

36. Jesusek galdetu zien:—Zer nahi duzue, bada, niregandik?

37. Eta haiek:—Zu zeure aintzara heltzean, bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean jar gaitezela.

38. Jesusek esan zien:—Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete nik edan behar dudan edari saminetik edateko, edo nik murgildu behar dudan uretan murgiltzeko?

39. —Bai, gauza gara —esan zioten.Jesusek, orduan:—Nik edan behar dudan edari saminetik, bai, edango duzue, baita nik murgildu behar dudan uretan murgilduko ere;

40. baina nire eskuin-ezkerretan eseri ahal izate hori, ez dago nire esku inori ematea; Jainkoak norentzat prestatua duen, hari emango zaio.

Markos 10