27. Jesusek begira-begira jarri eta esan zien:—Gizakientzat bai ezinezko, baina Jainkoarentzat ez, dena baitezake Jainkoak.
28. Orduan, Pedrok esan zion Jesusi:—Hara, guk dena utzi dugu zuri jarraitzeko.
29. Jesusek erantzun:—Benetan diotsuet: Niregatik eta berri onagatik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak uzten dituenak,
30. orain, mundu honetan, ehun halako etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur jasoko du, erasoaldiekin batera; eta gero, datorren munduan, betiko bizia.
31. Orain lehenengo diren asko azkeneko izango dira orduan, eta orain azkeneko direnak lehenengo.
32. Jerusalemerako bidean gora zihoazen, eta Jesus aurretik. Txunditurik zeuden; jarraitzen ziotenak beldurrez zihoazen. Berriro Hamabiak beregana bildu, eta zer gertatuko zitzaion adierazten hasi zitzaien:
33. «Hara, Jerusalemera igotzen ari gara, eta Gizonaren Semea apaizburuen eta lege-maisuen eskuetara emango dute; heriotzara kondenatuko dute eta atzerritarren eskuetara emango;
34. hauek iseka egingo diote eta listua botako, zigortu eta hil egingo; baina handik hiru egunera piztu egingo da».
35. Santiago eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana hurbildu eta esan zioten:—Maisu, eskatuko dizuguna zuk ematea nahi genuke.
36. Jesusek galdetu zien:—Zer nahi duzue, bada, niregandik?
37. Eta haiek:—Zu zeure aintzara heltzean, bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean jar gaitezela.
38. Jesusek esan zien:—Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete nik edan behar dudan edari saminetik edateko, edo nik murgildu behar dudan uretan murgiltzeko?
39. —Bai, gauza gara —esan zioten.Jesusek, orduan:—Nik edan behar dudan edari saminetik, bai, edango duzue, baita nik murgildu behar dudan uretan murgilduko ere;
40. baina nire eskuin-ezkerretan eseri ahal izate hori, ez dago nire esku inori ematea; Jainkoak norentzat prestatua duen, hari emango zaio.
41. Beste hamarrak, hori entzutean, Santiago eta Joanen aurka haserre jarri ziren.
42. Jesusek dei egin eta esan zien: «Dakizuenez, herrien buruzagi direnek menpean hartzen dituzte herriak, eta handi-mandiek beren agintea ezartzen diete.
43. Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar. Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari.
44. Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztion morroi.