Malakias 3:3-8 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Epaitzeko eseriko da. Zilarra eta urrea birfintzen eta garbitzen dituenak bezala garbituko ditu Lebiren ondorengoak, Jaunari opariak behar bezala eskain diezazkioten.

4. Orduan, Judaren eta Jerusalemen oparia atsegin izango zaio Jaunari antzina bezala, lehengo garaietan bezala.

5. Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Zuek auzitara eramatera etorriko naiz. Zorrotz salatuko ditut sorginkeria-zale, adulteriogile eta gezurrezko zin-egileak; langileei soldata gutxitzen, alargunak eta umezurtzak zapaltzen eta etorkinak gaizki erabiltzen dituztenak, begirunerik ez didaten guztiak salatuko ditut.

6. «Ni, Jauna, ez naiz aldatu; baina zuek ere Jakoben ondorengo izaten jarraitzen duzue:

7. zuen arbasoak bezalaxe, nire aginduetatik aldendu egin zarete, ez dituzue bete. Itzuli, beraz, zuek niregana, eta itzuliko naiz ni zuengana. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak. Baina hau diozue: “Zergatik behar dugu zuregana itzuli?”

8. Eta nik erantzun: “Iruzur egin ote diezaioke gizakiak Jainkoari, zuek niri egiten didazuen bezala?” “Zertan egiten dizugu, bada, iruzur?”, galdetzen duzue oraindik. Hamarrenak eta dohainak ematerakoan egiten didazue iruzur.

Malakias 3