19. Lege-maisu eta apaizburuek Jesusi eskua erantsi nahi izan zioten orduan bertan, ondo jabetu baitziren beraiengatik esan zuela parabola hura. Baina beldur izan zioten jendeari.
20. Lege-maisuak eta fariseuak Jesus zelatatzen hasi ziren. Zirikatzaile batzuk bidali zizkioten, zintzoarena eginez, hura hitzen batean harrapatzeko eta, hala, gobernariaren esku eta mende jartzeko asmoz.
21. Honela galdetu zioten, bada:—Maisu, badakigu zuzen hitz egiten eta irakasten duzula eta ez duzula kontuan hartzen gizakiaren itxura, baizik eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzula.
22. Zilegi al zaigu Zesarri zerga ordaintzea, bai ala ez?
23. Haien maltzurkeriari antzemanik, Jesusek esan zien:
24. —Ea, erakutsi txanpon bat. Norenak dira daramatzan irudia eta izena?Haiek erantzun:—Zesarrenak.
25. Jesusek, orduan:—Eman, bada, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.
26. Ezin izan zuten ezertan ere herriaren aurrean harrapatu eta, haren erantzunaz harriturik, hitzik gabe gelditu ziren.
27. Ondoren, saduzear batzuk etorri zitzaizkion Jesusi. Hauek hildakoak ez direla pizten esaten dute. Eta honela galdetu zioten:
28. —Maisu, Moisesek idatzi zigun: Norbaiti anaia ezkondu bat seme-alabarik gabe hiltzen bazaio, ezkon bedi alarguntsarekin, anaiari ondorengoa emateko.
29. «Baziren, bada, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen.
30-31. Bigarrena eta hirugarrena alarguntsarekin ezkondu ziren, eta zazpiak berdin. Eta denak seme-alabarik gabe hil ziren.
32. Azkenik, hil zen emakumea ere.
33. Piztuerakoan, noren emazte izango da, zazpiek izan baitzuten emazte?»
34. Jesusek erantzun zien:—Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira;
35. baina datorren munduan eta hildakoen piztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituenak, gizonezko nahiz emakume, ez dira ezkonduko;
36. izan ere, ez daitezke berriro hil, aingeruen antzeko baitira eta Jainkoaren seme-alaba, piztueran parte dutenez gero.
37. Gainera, hildakoak pizten direla Moisesek berak adierazi zuen, sutan zegoen sasiaren pasartean, Jaunari Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainko deitzen dionean.