Lukas 18:9-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. Honako parabola hau esan zien Jesusek beren buruak zintzotzat hartzen eta besteak gutxiesten zituzten batzuei:

10. «Bi gizon tenplura igo ziren otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria.

11. Fariseuak, zutik, honela ziharduen otoitzean bere baitan: “Ene Jainkoa, eskerrak zuri besteak bezalakoa ez naizelako: lapur, gaizkile edota adulteriogile; ezta horko zergalari hori bezalakoa ere.

12. Astean bi bider egiten dut barau, eta ondasun guztien hamarrenak ordaintzen ditut”.

13. «Zergalaria, berriz, urruti gelditurik, ez zen begiak lurretik altxatzera ere ausartzen, baizik eta bular-joka ari zen esanez: “Ene Jainkoa, erruki zaitez bekatari honetaz”.

14. «Benetan diotsuet azkeneko hau Jainkoarekin bakean itzuli zela etxera; fariseua, berriz, ez. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».

15. Haurtxoak eraman zizkioten Jesusi, uki zitzan; ikasleek, hori ikustean, haserre egiten zieten.

16. Baina Jesusek haurtxoak beregana deitu zituen eta esan: «Utzi haurrei niregana etortzen, ez galarazi, horrelakoek baitute Jainkoa errege.

17. Benetan diotsuet: Jainkoaren erreinua haur batek bezala onartzen ez duena ez da inola ere bertan sartuko».

18. Handiki batek galdetu zion Jesusi:—Maisu ona, zer egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?

19. Jesusek erantzun zion:—Zergatik esaten didazu ona? Inor ez da ona Jainkoa besterik.

20. Badakizkizu aginduak: Ez egin adulteriorik, ez hil inor, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ohoratu aita-amak.

21. Hark, orduan:—Gazte-gaztetandik bete izan dut hori guztia.

22. Hori entzutean, Jesusek esan zion:—Gauza bat falta zaizu oraindik: saldu daukazun guztia eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri.

23. Hitz hauek entzutean, guztiz atsekabetu zen handikia, oso aberatsa baitzen.

24. Jesusek, handiki hura hain atsekabetua ikusirik, esan zuen:—Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!

25. Bai, orratzaren begitik gamelua sartzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.

26. Entzuleek galdetu zioten:—Nor salba daiteke, orduan?

Lukas 18