Lukas 16:24-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

24. Orduan, deiadar egin zion: “Aita Abraham, erruki nitaz; bidal ezazu Lazaro atzamar-muturra uretan busti eta niri mihia freskatzera, kiskaltzen bainago sugar hauetan”.

25. Baina, Abrahamek erantzun zion: “Seme, gogoratu zuk zorion franko izan zenuela bizitzan; Lazarok, berriz, zoritxarrak; orain, hark atsegina aurkitu du hemen, eta zuk oinazeak..

26. Horrez gainera, leize handi bat dago zuen eta gure artean; nahita ere, ez dauka inork hemendik zuengana igarotzerik, ezta hortik guregana ere”.

27. «Aberatsak, berriro: “Orduan, aita Abraham, bidal ezazu, arren, Lazaro gure aitaren etxera,

28. bost anaia ditut eta; jar ditzala jakinaren gainean, beraiek ere oinaze-toki honetara etor ez daitezen”.

29. Abrahamek erantzun zion: “Hor dituzte Moises eta profetak: entzun diezaietela”.

30. Hark, oraindik: “Ez, aita Abraham; hildakoren bat joaten bazaie, orduan bai bihozberrituko direla”.

31. Baina Abrahamek erantzun zion: “Moisesi eta profetei entzuten ez badiete, hildakoren bat piztuta ere, ez dute kasurik egingo”».

Lukas 16