Lebitarrena 5:5-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. «Kasu horietako batean errudun bihurtu denak bere bekatua aitortuko du,

6. eta artaldeko eme bat, ardia nahiz ahuntza, eramango dio Jaunari bekatuaren barkamen-oparitzat. Eta apaizak pertsona horren bekatuaren barkamen-ohikunea egingo du.

7. «Ardia edo ahuntza erosteko ahalbiderik ez duenak, bi usapal edo bi usakume eramango dizkio Jaunari egin duen bekatuaren ordain, bata barkamen-oparirako eta bestea erre-oparirako.

8. Apaizari eramango dizkio. Apaizak barkamen-oparitzat eskaini beharrekoa aurkeztuko du lehenbizi; burua moztuko dio lepo-hezur ondotik, baina erabat erauzi gabe;

9. hegaztiaren odol pixka batez aldarearen alboa zipriztinduko du, gainerako odola aldare-oinean isuriz. Barkamen-oparia da hau.

10. Bigarren hegaztia erre-opari gisa eskainiko du, arautua dagoen eran. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du pertsona horrek bekatua.

11. «Bi usapal edo bi usakume erosteko ahalbiderik ez duenak, lau kilo ogi-irin garbi eramango ditu barkamen-oparitzat. Ez dio oliorik isuriko gainera, ezta intsentsurik ezarriko ere, barkamen-oparia baita.

12. Apaizari eramango dio. Apaizak eskutada bat irin hartuko du eskaintzailearen oroigarritzat eta aldarean erreko, Jaunaren ohorez erretako opariekin batera. Barkamen-oparia da hau.

13. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du pertsona horrek bekatua. Gainerako irina apaizarentzat izango da, labore-oparietan bezala».

14. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

15. «Norbaitek, Jaunari sagaratu beharreko emaitzetan iruzur eginez, oharkabean bekatu egiten badu, ahari akats gabea eramango dio Jaunari ordain-oparitzat; zilarretan hainbesteko bat balioko du ahariak, santutegiko pisu-neurriaren arabera.

16. Gainera, Jaunari sagaratu beharreko emaitzetan iruzur egina eta bosteko bat gehiago itzuli beharko du eta apaizari eman. Apaizak, ordain-oparitzat aharia eskainiz, haren aldeko barkamen-ohikunea egingo du eta barkatua izango du bekatua.

17. «Norbaitek, Jaunak debekatua duen zerbait eginez, konturatzeke bekatu egiten badu, errudun bihurtzen da eta bere hobenaren ondorenak jasan behar ditu.

Lebitarrena 5