17. Izan ere, abiatu egin ziren israeldarrak eta hirugarren egunean jende hura bizi zen hirietara heldu ziren, Gabaon, Kefira, Beerot eta Kiriat-Jearim hirietara.
18. Hala ere, israeldarrek ez zituzten hil, elkarte-arduradunek Jaunaren, Israelen Jainkoaren, izenean, bizia errespetatzeko zina egina baitzieten. Orduan, elkarte osoa marmarrean hasi zen arduradunen kontra.
19. Hauek esan zioten elkarteari: «Zin egin genien Jaunaren, Israelen Jainkoaren, izenean, eta ezin diegu orain kalterik egin.
20. Horra zer egingo dugun: Egin diegun zinarengatik, bizirik utziko ditugu, Jainkoak zigor ez gaitzan.
21. Bizi daitezela! Baina egurgile eta ur-ekarle izango dira elkarte osoarentzat». Horrela, eutsi egin zioten arduradunek gabaondarrei emandako hitzari.
22. Josuek gabaondarrei dei egin eta esan zien:—Zergatik engainatu gaituzue urruti bizi zinetela esanez, hemen, gure artean, bizi zaretelarik?
23. Madarikatuak izan zaiteztela! Esklabo izango zarete betiko: ene Jainkoaren etxerako egurra egin eta ura ekarri beharko duzue.