Josue 3:9-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. Josuek esan zien israeldarrei: «Hurbil zaitezte eta entzun Jaunaren, zeuen Jainkoaren, hitzak».

10. Eta gehitu zuen: «Horra zertan igarriko diozuen Jainko bizia duzuela zeuen artean, eta kanaandarrak, hititak, hibiarrak, periztarrak, girgaxtarrak, amortarrak eta jebustarrak zuen aurretik erabat botako dituela:

11. lur osoko jabearen itun-kutxa zuen aurretik igaroko da Jordan ibaian zehar.

12. (Aukera itzazue hamabi gizon, Israelgo leinu bakoitzeko bat).

13. Jaunaren, lur osoko jabearen, itun-kutxa daramaten apaizen oinek Jordan ibaiko urak ukitu bezain laster, ur-korrontea eten eta urak gelditu egingo dira, harresia bailiran».

Josue 3