Josue 3:1-6 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Josue goizean goiz jaiki zen. Berak eta israeldar guztiek, Xitimdik abiatu eta Jordan ibairaino heldurik, bertan eman zuten gaua, ibaia igaro gabe.

2. Handik hiru egunera, funtzionarioak kanpalekuan zehar ibili ziren,

3. herriari agindu hau emanez: «Apaiz lebitarrek Jaunaren, zuen Jainkoaren, itun-kutxa hartu eta badaramatela ikustean, abiatu zuek ere orain zaudeten tokitik eta jarraitu kutxari,

4. nondik joan jakin dezazuen, lehen inoiz ere bide horretan ibili gabeak baitzarete; baina ez hurbildu kutxaren ondora, utzi kilometro inguruko tartea zuen eta beraren artean».

5. Ondoren, Josuek esan zion herriari: «Egizue garbikuntza, Jaunak bihar gauza harrigarriak egingo baititu zuen artean».

6. Eta apaizei esan zien: «Hartu itun-kutxa eta jar zaitezte herriaren aurrean». Apaizak itun-kutxa hartu eta herriaren aurretik abiatu ziren.

Josue 3