Joan 9:7-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Gero, esan zion:—Zoaz garbitzera Siloeko ur-putzura (Siloek «Bidalia» esan nahi du).Joan zen, bada, garbitu eta ikusten zuela itzuli zen.

8. Auzokoek eta lehen eskean ikusi ohi zutenek esaten zuten:—Ez al da hau eserita eskean egoten zena?

9. Batzuek zioten:—Bai, huraxe da.Beste batzuek, berriz:—Ez, ez da hura, haren antzeko bat baino.Berak, ordea, zioen:—Bai, neu nauzue.

10. Haiek galdetu zioten:—Nola ikusten duzu, bada, orain?

11. Hark erantzun zien:—Jesus delakoak listuaz lohia egin du, begiak igurtzi dizkit eta agindu: «Zoaz Siloera eta garbitu han»; joan, garbitu eta ikusten hasi naiz.

12. Orduan, galdegin zioten:—Non da orain gizon hori?Hark erantzun:—Ez dakit.

15. eta fariseuek berriro galdegin zioten ea nola hasi zen ikusten. Hark erantzun zien:—Lohia ezarri zidan begietan, garbitu nintzen eta ikusi egiten dut.

16. Orduan, fariseuetariko batzuek zioten:—Gizon hori ez dator Jainkoarengandik, ez baitu atseden-eguna errespetatzen.Beste batzuek, berriz, zioten:—Nola egin lezake bekatari batek horrelako mirarizko seinalerik?Eta ez zetozen bat beren iritzietan.

17. Orduan, berriro galdetu zioten itsuari:—Eta zuk, zer diozu begiak ireki dizkizunaz?Hark erantzun:—Profeta dela.

18. Judu-agintariek, ordea, ez zuten sinetsi nahi gizon hura itsu izan eta gero ikusten hasi zenik. Beraz, haren gurasoei deitu

19. eta galdegin zieten:—Hau al da zuen semea, itsu jaio zela diozuena? Nola ikusten du, bada, orain?

20. Gurasoek erantzun zieten:—Guk dakiguna da gure semea dela eta itsu jaio zela;

21. baina orain nola ikusten duen edo begiak nork ireki dizkion, hori ez dakigu. Galdegin berari, badu adina-eta bere buruaren berri emateko.

22. Gurasoek agintarien beldur zirelako erantzun zuten horrela, ordurako agintariek erabakia baitzuten Jesus Mesias zela aitortzen zuena beren elkartetik botatzea.

23. Horregatik esan zuten gurasoek: «Badu adina, galdegin berari».

24. Agintariek itsu izandakoari bigarren aldiz dei egin eta esan zioten:—Aitortu egia Jainkoaren aurrean. Guk badakigu gizon hori bekatari dela.

25. Hark erantzun zien:—Ez dakit bekatari den ala ez. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsu nintzela eta orain ikusi egiten dudala.

26. Haiek, berriro:—Zer egin dizu? Nola ireki dizkizu begiak?

27. Eta hark erantzun:—Esan dizuet, eta ez didazue jaramonik egin. Zergatik nahi duzue berriro entzun? Zuek ere haren ikasle izan nahi duzue, ala?

Joan 9