30. Ozpina edan zuenean, Jesusek esan zuen: «Betea da dena». Eta, burua makurtuz, azken arnasa eman zuen.
31. Pazko-jairako prestaketak egiteko eguna zen, eta judu-agintariek ez zuten nahi gorpuak larunbatez gurutzean gelditzerik, larunbat hura oso jaiegun handia baitzen. Horregatik, gurutziltzatuei berna-hezurrak hautsi eta handik kentzeko eskatu zioten Pilatori.
32. Joan ziren, bada, soldaduak eta hautsi zizkieten berna-hezurrak Jesusekin gurutziltzatu zituzten biei.
33. Baina, Jesusengana iristean, ordurako hilik zegoela ikusirik, ez zizkioten berna-hezurrak hautsi;
34. soldadu batek saihetsa zulatu zion lantzaz, eta bat-batean odola eta ura atera ziren.
35. Ikusi zuenak berak testigatzen du eta haren testigantza egiazkoa da. Berak badaki egia dioena, zuek ere sinets dezazuen.