Joan 16:4-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Aurrez esaten dizuet, hori gertatzean esana nizuela gogora dezazuen.«Ez nizuen hori hasieratik esan, ni zuekin nengoelako.

5. Orain, ordea, bidali nauenarengana noa, eta zuetariko inork ez dit nora noan galdetzen.

6. Baina esan dizuedanagatik, barrua tristuraz bete zaizue;

7. halere, egia diotsuet: Hobe da zuentzat ni joatea; izan ere, joaten ez banaiz, ez zaizue etorriko Laguntzailea; joaten banaiz, ordea, bidali egingo dizuet.

8. Hura etortzean, bekatu, zuzentasun eta epaiari buruz oker dagoela erakutsiko dio munduari:

9. bekatuari buruz, niregan sinesten ez duelako;

10. zuzentasunari buruz, Aitarengana noalako, zuen artetik desagertuz;

11. epaiari buruz, mundu honetako buruzagia jadanik gaitzetsia dagoelako.

12. «Badut oraindik hamaika gauza esateko, baina oraingoz ez zarete gauza ondo ulertzeko.

13. Baina egiaren Espiritua etortzean, egia beteraino gidatuko zaituzte. Ez da mintzatuko bere kabuz, baizik eta nik jakinaraziko diodana adierazi eta etorkizuna iragarriko dizue.

14. Berak nire Jainko-aintza azalduko du, adieraziko dizuena niregandik hartuko baitu.

15. Aitak duen oro nirea da. Horregatik esan dizuet Espirituak niregandik hartuko duela adieraziko dizuena.

16. «Gutxi barru ez nauzue gehiago ikusiko, baina pixka bat geroago, berriro ikusiko nauzue».

17. Orduan, ikasleetako batzuk honela ari ziren beren artean: «Zer ote da esaten digun hau: “Gutxi barru ez nauzue gehiago ikusiko, baina pixka bat geroago, berriro ikusiko nauzue” eta “Aitarengana noa”?

18. Zer esan nahi ote du “gutxi barru” horrekin? Ez diogu antzik ere ematen zertaz ari den».

19. Konturatu zen Jesus galdetu egin nahi ziotela, eta esan zien: «Eztabaidan ari zarete zeuen artean nire hitz hauen esanahiaz: “Gutxi barru ez nauzue gehiago ikusiko, baina pixka bat geroago, berriro ikusiko nauzue”.

20. Bene-benetan diotsuet: Negar egingo duzue eta aiene; mundua, ordea, poztu egingo da. Zuek triste egongo zarete, baina zuen tristura poz bilakatuko da.

21. Emakumea, erditzerakoan, triste egoten da, ordua heldu zaiolako; haurra jaio ondoren, ordea, ahaztu egiten da larrialdiaz, mundura gizon bat ekarri duelako.

22. Zuek ere triste zaudete orain, baina berriro agertuko natzaizue, eta poztu egingo zarete, eta poz hori inork ez dizue kenduko.

Joan 16