1. «Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan eta sinetsi niregan ere.
2. Nire Aitarenean toki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa.
3. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten.
4. Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».
5. Tomasek esan zion:—Jauna, ez dakigu nora zoazen; nola jakin bidea?
6. Jesusek erantzun:—Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik.
7. Ni benetan ezagutuko baninduzue, Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue.
8. Orduan, Felipek esan zion:—Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta aski dugu.
9. Jesusek erantzun:—Honenbeste denbora zuekin, Felipe, eta ez nauzu ezagutzen? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: «Erakuts iezaguzu Aita?»
10. Ez al duzu sinesten ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin? Nik irakatsi dizuedana ez dizuet neure kabuz irakatsi. Niregan bizi den Aita da bere salbamen-egintza burutzen ari dena.
11. Sinets iezadazue: ni Aitarekin bat eginda nago eta Aita nirekin. Besterik ez bada, sinetsi egiten ditudan egintzengatik.
12. Bene-benetan diotsuet: Niregan sinesten duenak nik egiten ditudan egintzak eginen ditu berak ere, eta are handiagoak, ni Aitarengana bainoa.
13. Nire izenean eska dezazuen guztia emango dizuet, Aitaren aintza Semearen bidez azal dadin.
14. Nire izenean eskatuko duzuen guztia emango dizuet nik.
15. «Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak.
16. Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue, beti zuekin izango dena,
17. egiaren Espiritua. Mundutarrek ezin dute hartu, ez baitute ikusten, ez ezagutzen; baina zuek ezagutzen duzue, zuengan bizi baita eta zuekin egongo betiko.
18. «Ez zaituztet umezurtz utziko, itzuliko naiz zuengana.