Joan 10:24-39 Elizen Arteko Biblia (EAB)

24. Orduan, agintariek inguratu eta esan zioten:—Noiz arte eduki behar gaituzu zalantzan? Zu bazara Mesias, esaguzu argi eta garbi.

25. Jesusek erantzun zien:—Esan dizuet, eta ez didazue sinesten. Nik neure Aitaren izenean egiten ditudan egintzek ematen dute nire alde testigantza;

26. zuek, ordea, ez duzue sinesten, nire ardietakoak ez zaretelako.

27. Nire ardiek nire ahotsa entzuten dute, eta nik ezagutzen ditut; haiek atzetik jarraitzen didate,

28. eta nik betiko bizia ematen diet: ez dira sekula galduko, eta ez dizkit inork ere eskutik kenduko.

29. Eman dizkidan nire Aita denak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork kendu nire Aitaren eskutik.

30. Aita eta biok bat gara.

31. Agintariek berriro harriak hartu zituzten hari jaurtitzeko.

32. Jesusek esan zien:—Neure Aitaren aginduz egintza eder asko egin dut zuen aurrean; haietako zeinengatik egin nahi didazue harrika?

33. Erantzun zioten:—Ez zaitugu egintza ederrengatik harrikatu nahi, Jainkoaren kontra birao egiteagatik baizik, gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten duzulako.

34. Jesusek erantzun zien:—Ez al dago zuen Liburu Santuetan idatzia: Nik esan dut: Jainko zarete?

35. Beraz, Jainkoak jainko deitzen die bere mezua zuzendu zienei, eta Liburu Santuen esana ukaezina da.

36. Nola diozue, bada, nik, Aitak sagaratu eta mundura bidali nauen honek, birao egiten dudala, «Jainkoaren seme naiz» esateagatik?

37. Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez sinetsi niri.

38. Baina, egiten baldin baditut, niri sinesten ez badidazue ere, sinetsi egintzei. Horrela, behin betiko jakingo duzue ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin.

39. Berriro atxilotu egin nahi izan zuten, baina hark ihes egin zien eskuetatik.

Joan 10