3. Neriasen seme Barukek zirikatu zaitu gure kontra: babiloniarren esku jarri nahi gaitu, hil edo Babiloniara gatibu eraman gaitzaten».
4. Hala, ez Kareahen seme Johananek, ez gudalburuek, ez beste inork, ez zioten Jaunari aditu, eta ez ziren gelditu Juda lurraldean.
5. Ostera, Kareahen seme Johananek eta gudalburuek bildu egin zituzten Judan bizirik gelditutako guztiak, hau da, inguruko herrietara ihes egin eta ondoren Judara itzuli zirenak:
6. gizonak, emakumeak, haurrak, erregearen alabak eta Nebuzaradan guardiaburuak Ahikamen seme eta Xafanen biloba Gedaliasi utzitako denak; baita Jeremias profeta eta Neriasen seme Baruk ere.
7. Eta, Jaunaren esanari jaramonik egin gabe, Egiptora joan eta Tafnes hiriraino iritsi ziren.
8. Tafnesen zegoela, honela hitz egin zion Jaunak Jeremiasi:
9. «Hartu harritzar batzuk eta sartu faraoiaren Tafnesko jauregi aurrean dagoen buztinezko zoruan; egin hori judatarren aurrean,
10. eta eman mezu hau: “Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Babiloniako errege Nabukodonosor neure zerbitzaria ekarraraziko dut, eta Jeremiasek lurrean sartu dituen harri horien gainean ezarriko ditut haren tronua eta gaineko oihal-estaldura.