3. Beharbada, jabetuko da Juda herria beraren aurka prestaturik daukadan zoritxar handiaz eta itzuliko bere jokabide gaiztotik. Eta beren gaiztakeria eta bekatuak barkatuko dizkiet».
4. Orduan, Jeremiasek Neriasen seme Baruki deitu zion, eta honek Jaunaren mezu guztiak idatzi zituen Jeremiasen esanera.
5. Gero, honela agindu zion Jeremiasek Baruki: «Begira, ni ez naiteke joan Jaunaren etxera, debekatu egin baitidate.
6. Zoaz zeu hurrengo barau-egunean eta irakurri tenpluan, herriaren aurrean, nik esanik erroiluan idatzi duzun Jaunaren mezua; irakurri Judako hirietatik etorriko diren guztiei ere.
7. Ea Jaunari erregutzen dioten eta itzultzen diren beren jokabide gaiztotik, handia baita herri honen aurka Jaunak agertu duen haserre-sumina».
8. Neriasen seme Barukek Jeremias profetak agindutako guztia egin zuen: tenplura joan eta Jaunaren mezua irakurri zuen liburutik.
9. Josiasen seme Joiakim Judako erregearen bosgarren urtean, bederatzigarren hilean, barau-eguna aldarrikatu zuten Jaunaren ohorez, eta Jerusalemen bildu ziren bertako jendea eta Judako hirietatik etorriak.