1. Josiasen seme Joiakimen, Judako erregearen, laugarren urtean, agindu hau eman zion Jaunak Jeremiasi:
2. «Hartu idazteko erroilu bat eta idatzi bertan Josiasen garaitik hasi eta gaurdaino Israeli, Judari eta beste nazio guztiei buruz adierazi dizkizudan mezuak.
3. Beharbada, jabetuko da Juda herria beraren aurka prestaturik daukadan zoritxar handiaz eta itzuliko bere jokabide gaiztotik. Eta beren gaiztakeria eta bekatuak barkatuko dizkiet».
4. Orduan, Jeremiasek Neriasen seme Baruki deitu zion, eta honek Jaunaren mezu guztiak idatzi zituen Jeremiasen esanera.
5. Gero, honela agindu zion Jeremiasek Baruki: «Begira, ni ez naiteke joan Jaunaren etxera, debekatu egin baitidate.
6. Zoaz zeu hurrengo barau-egunean eta irakurri tenpluan, herriaren aurrean, nik esanik erroiluan idatzi duzun Jaunaren mezua; irakurri Judako hirietatik etorriko diren guztiei ere.