Jeremias 32:3-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Sedekias erregeak giltzapean sartua zuen, hark iragarritako mezu hau zela eta: «Hau dio Jaunak: Jerusalem Babiloniako erregearen esku utziko dut eta honek konkistatu egingo du.

4. Judako errege Sedekias bera ere ez da libratuko babiloniarren eskuetatik, hauen erregearen esku geldituko da: harekin aurrez aurre topo egin beharko du.

5. Babiloniara eramango du Sedekias eta hantxe gelditu beharko du nik haren alde esku hartu arte. Babiloniarren aurka borrokan jarraitzen baduzue, ez duzue ezer onik aterako. Nik, Jaunak, esana».

6. Hona Jeremiasen kontakizuna.Jaunak esan zidan:

7. «Hanamel, zeure osaba Xalumen semea, etorriko zaizu eskabide hau egitera: “Eros iezadazu Anatoten daukadan alorra; zeuri dagokizu horretarako eskubidea, ahaiderik hurbilekoena zaitudanez”».

8. Jaunak iragarri bezala, Hanamel etorri zitzaidan presondegiko atarira, eta esan zidan: «Eros iezadazu Anatoten, Benjaminen lurraldean, daukadan alorra; zurea da erosteko eskubidea, ahaiderik hurbilekoena zaitudanez». Garbi jakin nuen orduan Jaunak hitz egin zidala.

9. Horrela, erosi nion Anatoteko alorra neure lehengusu Hanameli. Zilarrezko hamazazpi txanpon ordaindu nizkion.

10. Agiria idatzi, lekukoen aurrean zigilatu eta zilarra pisatu nuen.

11. Gero, lege-baldintza guztiak betez, zigilaturiko agiria eta honen kopia irekia harturik,

12. neure lehengusu Hanamelen aurrean eta agiria izenpetu zuten lekukoen eta kartzela-atarian suertatu ziren judatarren aurrean, Neriasen seme eta Mahseiasen biloba Baruki eman nizkion.

13. Agindu hau eman nion guztien aurrean Baruki:

14. «Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, dio: Hartu bi agiriok, zigilatua eta irekia, eta sartu buztinezko pitxer batean, luzaro iraun dezaten.

15. Izan ere, honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Oraindik ere erosiko dira etxe, alor eta mahastiak herrialde honetan».

16. Agiria Neriasen seme Baruki eman ondoren, otoitz egin nion Jaunari:

17. «Ene Jauna! Zuk egin dituzu zeru-lurrak zeure ahalmen eta indar handiaz. Zuretzat ez da ezer ezinezkorik.

18. Mila belaunalditaraino agertzen duzu zeure onginahia, baina seme-alabei jasanarazten dizkiezu gurasoen gaiztakeriaren ondorenak. Jainko handi eta indartsua zara, “Jaun ahalguztiduna” zure izena.

19. Egitasmo handiak dituzu eta huts egin gabe burutzen. Gizakien jokabide guztiak begi-bistan dituzu, nori bere jokaeraren ordaina, bere egiteen merezia, emateko.

Jeremias 32