8. «Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, ohar hau ere egiten dizue: Ez zaitzatela engaina zuen artean bizi diren profetek eta igarleek, ez egin jaramonik berorien ameskeriei.
9. Zeren gezurra baita nire izenean iragartzen dizuetena. Ez dira nik bidaliak.
10. «Hau dio Jaunak: Babiloniako nagusigoak hirurogeita hamar urte iraungo du. Ondoren, zuen alde ekingo diot eta agindu nizuena beteko dut, toki honetara itzularaziz.
11. Gogoan dut zuen alde erabakia dudan egitasmoa, zuen zorionerakoa eta ez zuen zoritxarrerakoa, itxaropenez beteriko etorkizuna emango baitizuet. Hala diot nik, Jaunak.
12. Orduan, entzungo dizuet niri dei egitera eta otoitz egitera etorriko zaretenean.
13. Nire bila ibiliko zarete eta aurkituko nauzue, bihotz osoz ibiliko baitzarete nire bila.
14. Utziko dizuet ni aurkitzen. Zuen zoria aldatuko dut: jaurti zintuztedan nazio eta toki guztietatik bilduko zaituztet eta erbesteratzean utzi behar izan zenuten tokira itzularaziko. Nik, Jaunak, esana.
16. «Hona zer dioen Jaun ahalguztidunak Daviden tronuan esertzen den erregeari eta hiri honetan bizitzen jarraitzen duen jendeari buruz, zuekin erbestera joan ez diren senideei buruz:
17. Gerra, gosea eta izurria bidaliko dizkiet. Txarraren txarrez janezinak ziren piku ustelak bezala erabiliko ditut.
18. Gerraz, gosez eta izurriz erasoko diet. Hori ikustean, lurreko erreinu guztiak ikaraturik geldituko dira: madarikazio eta izu, lotsaizun eta iseka-gai izango dira jaurtiko ditudan nazio guztietan.
19. Hori guztia gertatuko zaie nire hitzak aditu nahi izan ez dituztelako eta behin eta berriro, etengabe, bidali dizkiedan profetei jaramonik egin ez dietelako. Hala diot nik, Jaunak.
20. Zuek, behintzat, Jerusalemdik Babiloniara erbesteratu zintuztedanok, entzun adi-adi nire, Jaun honen, hitza.
15. «Jaunak Babilonian profetak sorrarazi dizkizuela esaten baduzue,
21. hara zer dioen Jaun ahalguztidunak bere izenean gezurrezko mezuak iragartzen dizkizueten Kolaiasen seme Akabi eta Maaseiasen seme Sedekiasi buruz: Babiloniako errege Nabukodonosorren esku utziko ditut eta zuen begi aurrean hilko ditu.
22. Horrela, Judatik Babiloniara erbesteratuek, norbait madarikatu nahiko dutenean, honela esango dute: “Erabil zaitzala Jaunak Babiloniako erregeak sutan erre zituen Sedekias eta Akab bezala”.
23. Israelen itsuskeriak egin dituztelako gertatuko zaie hori: lagun hurkoaren emaztearekin adulterio egin eta nik agindu gabeko gezurrezko mezua nire izenean iragarri dutelako. Neuk dakit hori eta neu naiz horren testigu. Nik, Jaunak, esana».