Jeremias 29:24-25-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Judako errege Sedekiasek Nabukodonosor erregeari mandatari bezala bidali zizkion Xafanen seme Elasa eta Hilkiasen seme Gemariasen eskuz bidali zuen Jeremiasek gutuna. Hona beraren testua:

4. «Hau da Jaun ahalguztidunaren, Israelgo Jainkoaren, mezua Jerusalemdik Babiloniara erbesteratu guztientzat:

5. Eraiki etxeak eta bizi berorietan; egin baratzeak eta jan bertako fruituak.

6. Ezkon zaitezte eta sortu seme-alabak; ezkondu seme-alabak ere, umeak sor ditzaten. Ugal zaitezte bizi zareten tokian, ez gutxitu.

7. Arduratu erbesteraturik zaudeteneko herrialdearen ongizateaz eta egin otoitz Jaunari haren alde, haren ongizatea zeuen onerako izango baita.

8. «Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, ohar hau ere egiten dizue: Ez zaitzatela engaina zuen artean bizi diren profetek eta igarleek, ez egin jaramonik berorien ameskeriei.

9. Zeren gezurra baita nire izenean iragartzen dizuetena. Ez dira nik bidaliak.

24-25. Jaun ahalguztidunak, Israelgo Jainkoak, mezua zuzendu zion Jeremiasi Nehlamgo Xemaiasentzat. Honek gutun bat bidalia zien Jerusalemen gelditutako jendeari, Maaseiasen seme Sofonias apaizari eta beste apaiz guztiei. Honela idazten zion Sofoniasi:

26. «Jaunak apaiz izendatu zaitu Joiadaren ordez, eta zeu zara orain tenpluko arduradun nagusi. Zeuri dagokizu, bada, ahoberoren bat profetagintzan hasten bada, zepoan eta katez loturik ezartzea.

27. Zergatik ez dituzu, beraz, neurriak hartu Anatoteko Jeremiasen kontra, zuen aurrean profetagintzan aritu delarik?

28. Gutun bat ere bidali digu Babiloniara, esanez: “Luzarorako da erbestealdia! Beraz, eraiki etxeak eta bizi berorietan, egin baratzeak eta jan bertako fruituak”».

29. Sofonias apaizak Jeremias profetari irakurri zion gutuna.

30. Orduan, honela esan zion Jaunak Jeremiasi:

31. «Bidali erbesteratu guztiei Nehlamgo Xemaiasi buruzko nire mezu hau: Nik bidalia izan gabe, nire izenean hitz egin eta gezurrezko konfiantza ematen dizuenez gero,

32. nik, Jaunak, zigortu egingo ditut Nehlamgo Xemaias eta beronen ondorengoak: haren familiako inor ere ez da geldituko herri honetan, ez da gozatuko neure herriari emango diodan ongizateaz, bere predikuaz nire aurka jartzera eraman baitu herria. Nik, Jaunak, esana».

Jeremias 29