Jeremias 11:1-2-8 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1-2. Ituneko aginduak Juda eta Jerusalemgo bizilagunei adierazteko agindu zidan Jaunak

3. eta beraren, Israelgo Jainkoaren, mezu hau hots egiteko: «Madarikatua nire ituneko aginduak onartzen ez dituena!

4. Egiptotik, burdina urtzeko labe hartatik, atera nituenean, zuen gurasoekin egin nuen ituna bera da. Orduan agindu nien: “Nire mintzoa aditu eta nik agindutako guztia betetzen baduzue, nire herri izango zarete eta ni zuen Jainko,

5. eta beteko dut zuen gurasoei zin egindakoa, alegia, esnea eta eztia darizkion lurraldea emango niela”. Lurralde hori orain daukazuena da, hain zuzen».Nik erantzun nion: «Bai, Jauna».

6. Orduan, Jaunak: «Zoaz Judako hirietara eta Jerusalemgo kaleetara eta hots egin nire mezu hau: Onartu nire aginduak eta bete.

7. Egiptotik atera nituenetik gaurdaino zin-zinez eta atergabe eskatu diet zuen gurasoei obeditzeko.

8. Baina ez didate aditu, ezta jaramonik egin ere, baizik eta beren joera gaiztoei jarraitu diete setati. Itunaren eginbeharrak betetzeko agindu diet, baina ez dituzte bete; horregatik erori zaizkie gainera itunean ezarritako madarikazioak».

Jeremias 11