1-2. Ituneko aginduak Juda eta Jerusalemgo bizilagunei adierazteko agindu zidan Jaunak
3. eta beraren, Israelgo Jainkoaren, mezu hau hots egiteko: «Madarikatua nire ituneko aginduak onartzen ez dituena!
4. Egiptotik, burdina urtzeko labe hartatik, atera nituenean, zuen gurasoekin egin nuen ituna bera da. Orduan agindu nien: “Nire mintzoa aditu eta nik agindutako guztia betetzen baduzue, nire herri izango zarete eta ni zuen Jainko,
5. eta beteko dut zuen gurasoei zin egindakoa, alegia, esnea eta eztia darizkion lurraldea emango niela”. Lurralde hori orain daukazuena da, hain zuzen».Nik erantzun nion: «Bai, Jauna».